XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

M. Egiguren, Hegoameriketan konbertitu den misiolaria.

Euskaldun izateak lagundu egin dio hango minorien kultura entenditzen Joxean AGIRRE.

Aimarak, ketxuak edo hango beste edozein minoriarekin lan egin beharko banu, ez nuke urtetan gure erlijioaz hitzik ere aipatuko.

Kultura horretan buru-belarri sartuko eta haiek bezala bizitzen saiatuko nintzateke eta kultura horren bihotz barruan sartuta gero ikusiko nuke zer egin, dio Manuel Egiguren misiolari frantziskotarrak.

Duela 28 urte Hegoameriketako jendea konbertitzera joan eta gaur sorbalda hautsia konpontzera berriro Goiazera itzuli delarik, haiek konbertitu naute ni, aitortzen du.

Gaur Boliviako probintziarik pobreenetako batetan egiten du lan.

EGUBERRITAN hasi eta lau hilabetetan zehar euria egiten du Manuel Egiguren bizi den lurraldean.

Brasil eta Perurekin mugak dituen El Beni probintzia Atlantikotik 6.000 kilometrotara dago, baina ez du 150 metroko altitudea baizik.

Lautada azkengabe horietan ura egiten da lau hilabetez jaun eta jabe.

Nekazariek tabloi batzurekin bizilekua piska bat altzatzen dute eta han egoten dira urari begira eguna joan eta eguna etorri.

Ikusi gabe ezin da sinistu.

Mamoré ibaiak meandroak osatuz zeharkatzen du Espainia erdia hainbateko lurralde hori, baina ez da beti bide beretik barrena joaten.

Atzerritik etorritako injinadoreak igual zubi bat egiten dute eta urtaro lehorra datorrenean zelai baten gainean geratzen da zubia, ibaiak beste bide bat hartu baitu.

Lautada ikusgarri horietan oso jende gutxi bizi da, 250.000 guztitara.

Jendea arroza eta platanoak janez bizi da, nahiz eta aberatsen estantzietan guztitara bi milioi ganadu buru badiren.

Horiek, lurra pilatuz, mendiskak eraikitzen dituzte ganadua urtaro bustian edukitzeko.

Gaua mendiska horietan egiten dute eta egunez leporaino uretan sarturik ur gainera ateratzen den belarra jaten dute.

Ganadua ere kondizio horietan flakatu egiten da erabat.

Pentsa personak nola geratuko diren.

Guk askotan komentatzen dugu, buru piska bat izanez gero, gobernu batek jende horiek denak hartu eta infernu horretatik atera beharko lituzkeela, baina ezin dira horretara obligatu, nolabait pozik baitaude beren egoerarekin edo ez baitute horren kontzientziarik.

Zerbitzu zibila leku horretan egitera etortzen diren gazte atzerritarrekin horixe gertatzen da: urte batetan edo bitan dena aldatu nahi dutela eta nekazari horiek haserretu egiten dira, arrazoiarekin gainera.

Beti poderearen objetu izan dira eta guk iraultzaren izenean ezin dezakegu beste horrenbeste egin.

Nekazari horiei sujeto bihur daitezen lagundu behar diegu....

Manuel Egiguren Goiatzen, gaurko Bidegoian, jaio zen duela 58 urte eta hamaika urtetik aurrera Arantzazun jasotako sakralismo eta mistika guztiarekin joan zen Hegoameriketara hango jendea konbertitzera.

1960.ean heldu ginen hara 90 misiolari eta langosta izurritea bezala zabaldu ginen kontinentean barrena misioak emanez.

Hiru urte egin nituen bolante bezala Kolombia, El Salvador, Santo Domingo eta Ekuadortik zehar eta Montevideon kokatu nintzen ondoren hamahiru urtez.

Urte horietan radikalizatu nintzen.

Gure formazioa oso integrista eta moralista izan zen.

Gurea jansenismoa dela esango nuke eta Uruguay-n liberalismo sano batekin egin nuen topo.

Han hautsi zitzaizkidan zorionez nere eskema guztiak.

Nik bi mundu horien artean bigarrena aukeratzen dut.

Ni gaurko munduaren alde nago, bai politika aldetik eta bai erlijioaren aldetik.

Aldaketa horretan asko lagundu zidan Montevideon gazteekin lan egiteak eta Tupamaroen esperientzia gertutik bizitzeak ere sekularizatzen lagundu zidala esango nuke.

Gazteak Tupamaroekin zeuden eta nik, eliza bezala, gazteak zeuden lekuan egin behar nuen, esaten du.

Dena den, iraultzarako bideak luzeak direla, uste du Manuelek.

Ikusi dituenak ikusita, dogmatismo eta sakralismo merkeak behin betiko utzi ditu frantziskotar honek.